"Hitz egiten duten gorputzak entzuten"

ZERTAN LAGUN DEZAKE PSIKOMOTRIZITATEAK?

1. Psikomotrizitatearen funtzioa
Psikomotrizitate gelan, haurrek beren barne mundu sakonena adierazten dute mugimenduaren eta jolaserako grinaren bidez.
Salan, haurrak bere behar, desio eta beldur ezkutuen ateak ireki ditzake, eta horiek bizitzeko, lantzeko eta gainditzeko aukera aurkitzen du.
Askatu ezin dena, barruan giltzapetuta geratzen da; horregatik, psikomotrizitate gela arnasa hartzeko gune pribilegiatua bihurtzen da, non haurra lagundua sentitzen den eta bere gaitasunetatik abiatuta hazteko bidea aurkitzen duen.

2. Saio baten egitura
• Sarrerako erritua: ongietorria jasotzen dute; dakartena entzun eta hartu; arauak gogoratu; jolaserako prestatu, eta amesteko eta sortzeko proiektuak pizten dira.
• Sentsorio-motorea: gorputza askatzen da plazeraren bidez; emozioz beteriko une biziak sortzen dira.
•Sinbolikoa: segurtasuna aurkituta, haurrek bere ardurak eta kezkak irudikatzen dituzte jolasean.
• Errepresentazioa: ipuin, marrazki, modelatu edo eraikuntzen bidez bizitakoa aztarna bihurtzen da. Gorputza geldi, bihotza eta burua hitzetara irekitzen dira. Pauso bat gehiago ematen dute: mugimendutik pentsamendurantz, emozioei distantzia hartuz eta barne lasaitasunean murgilduz.
• Irteerako erritua: bizitako guztia berriz ere hitzez jartzea, barnean bizitutakoa ulertzeko eta komunikatzeko momentua.

3. Zailtasunak dituzten haurren ibilbidea
Batzuek bidean etenaldiak egiten dituzte, deserosotasuna edo larritasuna bizi dituzte. Orduan, beharrezkoa da laguntza gertukoa eta indibidualizatua jasotzea:
• Mugitzeko edo jolasteko ausardiarik ez dutenak.
• Ekintza inpultsibo eta kontrolik gabekoan harrapatzen direnak.
• Geldialdira igarotzeko ezintasunean dabiltzanak.
• Irudikatu, sortu edo hitzez adierazi ezinik daudenak, mugimenduan galduta.
Zailtasun horiek guztiak maitasunez eta pazientziaz lagundu behar dira banaka, haur bakoitzaren historia eta nortasuna errespetatuz; gero, taldean sozializatzeko urratsa errazagoa izan dadin.

4. Haurraren globalitatea
Psikomotrizitatea ez da ariketa fisiko hutsa.
Haurraren gorputza, bihotza eta pentsamendua loturik daude, eta batean lan egiterakoan, besteak ere eragiten dira.
Horregatik, psikomotrizitatea haurra oso-osorik hartzen duen diziplina da.

5. Psikomotrizitatearen helburu nagusiak
a. Atxikimendutik banaketara: haurrari helduen babesetik urrundu eta bere baliabide propioak aurkitzen lagunduko diogu, helduen hutsunea bere izatetik ziurtasunez bete ahal izateko.
b. Destrukziotik konstrukziora: suntsitu behar du lehenik, berria eraikitzeko. Jolasetik eta gozamenetik suntsittzeak berea propioa den zerbait eraki ahal izateko sormena askatzen du.
c. Sinbolikotik operatoriora: mugimendu bizitik pentsamendu lasaira. Haurrak lehenik egin, migitu, bizitu eta gozatu behar du, gero pentsatzeko gai izan dadin.

6. Psikomotrizistaren eginkizuna
Gure lana da haurra behatzea, entzutea, jasotzea.
Bere bidean kokatzea eta beharrezkoa denean esku hartzea, haren hazkundea errespetatuz eta lagunduz.
Haurrek oro har bide hau naturalki egiten dute; baina zailtasunak dituztenei laguntza gertukoa eskaintzea baliagarria izan daiteke.

7. Psikomotrizitatearen onurak
Psikomotrizitatea denentzat da baliotsua: zailtasunak dituztenentzat eta ez dituztenentzat.
Hauek dira ekarpenetako batzuk:
• Beldur eta ezinegonak baretu.
• Segurtasun falta arindu.
• Agresibitatea sinbolizatu, bideratu.
• Besteekin komunikazioa eta harremana ireki.
• Gorputzeko abileziak garatu eta gainditu.
• Doluan eta galeretan argia jartzen lagundu.
• Ahozko hizkuntzarako ateak ireki.
• Ikasteko gogoa eta pentsatzeko gaitasuna piztu.
•Eta batez ere, haurra bere plazer propioa deskubritzera gonbidatu, plazer hori besteekin partekatu eta sormenaren mundura ireki dadin.

8. Ondorioa
Azken batean, psikomotrizitateak haurrei laguntzen die:
•Mundu sinbolikoa garatzen: pentsamendua.
•Sortzen: norbera den horretatik, modu autentiko eta autonomoan.
•Komunikatzen: besteekin harreman osasuntsuak eraikiz.
Psikomotrizitate gela batean ziurtasunetik eta plazerretik mugitzeak, jolasteak eta eraikitzeak aukera eskaintzen dio haurrari eguneroko bizitzan osotasunez jarduteko.

IANIRE JAIO ISASI
Alboan Psikoguneko Psikomotrizista Terapeuta