"Hitz egiten duten gorputzak entzuten"

HAURREN AGRESIBITATEA:

NOLA ULERTU LAGUNDU AHAL IZATEKO

Irakurketa honekin testu hau konpartitzen dugunok ohikoa ez den agresibitatearekiko begirada ulerkorrago bat eratzea da nire asmoa. Honekin ez dut eraso egiten duten haurrak santu bilakatu nahi, baina bai pentsarazi zer egon daitekeen eraso egite horren atzean.

Gizakiok muga gainditzeko joera daukagu txikiak garenetik. Ez gara jaiotzen frenatzeko gaitasunarekin. Limitea onartzeko gaitasuna bereganatu egin behar dugu. Eta nola egiten da hori? Bestearekiko harremanean, ama- aitarekiko edota helduarekiko hartu emanean.

Haurrak agresibitateari esker datoz mundura, jaiotzeko duten bizi pultsioari esker.

Agresibitatea barruan daramagun bizitzeko grina dela esan genezake; beroni esker, bestearengana iritsi gaitezke eta bestearengan eragin genezake. Agresibitatearen jatorria beraz, ez da txarra berez, baina berau dominatu ezin daitekeenean, orduan bilakatzen da destruktiboa eta mingarria norberarentzat eta baita ingurukoentzat.

Arazoa hortaz, ez da agresibitatea bera, baizik eta pultsio horri ematen diogun erabilpena. Bizi pultsiorik gabe ez ginateke jaioko. Pultsioa beharrezkoa dugu aurrera egiteko, desio dugun horri heltzeko eta bestearengana iristeko.

Agresibitaterik adierazi ezin dezaketen haurrak eta pertsonak, inhibituak daude, beldurtuegiak beharbada beraien erreprimitutako pultsioarekiko. Haur hauei ez zaie agian aukerarik eskaini beraien ekintzak helduarengan eragiteko; gehiegi ixilarazi zaie eta kulpabilizatuta daude. Beraien barne desioa erreprimituta daukaten haur hauek agresibitatea eutsi ezinik daude eta ondorioz, edonola ateratzen dute eztanda egiteraino.

Horren erreprimituta dute beraien agresibitatea, non beraien aurkaria bilakatzen den; batetik beraien izatea bestearen aurrean desagertzeraino eta bestetik, konfiantza dutenekin modu bortitzean adierazteraino. Inhibizioa litzateke hortaz, agresibitatearen erabilpena kulpabilizatzearen eta erreprimitzearen ondorioetako bat.

Destruktibitatea berriz, inhibizioaren beste muturreko jarrera litzateke. Inolako mugarik ez duen bizi pultsioa. Bere grinak bestearengan duen eragina mingarria izan arren, berea baino ezin dezakeena sentitu eta ikusi.

Erasotzen duenak bestearenganana iritsi nahiko luke, baina ez daki nola. Izan daiteke oraindik ez duelako nahikoa gaitasun ahozko hizkuntzaz komunikatzeko eta aldi berean, mugak barneratu gabe dituelako. Izan daiteke barruan mina duelako eta bere erantzuna min horretik ematea. Izan daiteke jolasa eta errealitatea bereizten ez dituelako eta ondorioz, kontzientzia baxua izatea. Izan daiteke bere pultsioak eta deskargak inguruan duen eragina zer nolakoa den aztertzen dabilelako. Baina sekula ez, haurra gaiztoa delako. Haurrak ez dira gaiztoak berez, baina helduon interpretazioaren arabera, haurrak gaizto bilakatu ditzakegu. Haurrek beraietaz dugun sinismenaren arabera jokatzen dute.

0-6 urte bitarteko haurren intentzioa eraso egiten dutenetan, bestearekin bat egitea da, bestearengana heltzea, komunikatzea. Baina komunikatzeko duten modua traketsa da, ez dutelako ikasi oraindik beste era batzuetara egiten.

Haurrak txikitatik, titiko umea denetik, erakusten du bestearekin bat egiteko keinua: amaren titia xurgatzen dagoela, bat batean beroni heldu eta koxk egiten dio. Izango dira ama batzuk non hasarre egiten dioten haurrari berau beldurtzeraino eta umeak bestea integratzeko duten desio inkontzientea, ez gaizkilea baizik eta maitasunezkoa, eteteraino. Helduaren erreakzioak haurra kulpabilizatu eta inhibitu lezake. Haur honek inguruan ekitea ez duela merezi ikasiko du, bere pultsioa gehiezgizko izan daitekeelako. eta ondorioz, ez diogu aukerarik ematen haur honi pultsio hori dominatzeko eta erregultzeko, baizik eta erreprimitu arazi egiten diogu.

Izango da amarik alderantziz, non haurraren horzkadari apenas ez dion erantzunik ematen: haur txikia denez dena du posible. Haur honek ez ditu bereganatuko bera eta bestearen arteko oinarrizko mugak. Non hasi eta non bukatzen den bere espazioa eta non bestearena. Guztia da bere pultsioa eta ez dauka kontzientziarik bera eta bestearenaren artean. Guztia da haurraren emozioa.

Eta izango da gurasorik non haurraren horzkadaren aurrean erantzun egiten duen, horzkada hori muxu bilakatzeko baliabideak eskainiz: Horrela ez, baina beste modu honetara baiG. uraso honek aintzat hartzen du haurraren maitasun pultsioa baina kontenitu egiten du bestearengan eragin mingarririk izan ez dezan eta aldi berean, modu egokiago batean egiteko aukera eskaintzen dio; transformaziorako aukera ematen dio, alegia. Haurraren horzkada jolasera eramaten laguntzen dio, jango dionaren keinua eginez, bata eta bestearen artean plazerra konpartituz. Bada azken modu hau haurrari bere agresibitatea bideratzen laguntzeko erantzun egoki bat. Horregatik sinisten dugu psikomotrizistok haurarren agresibitateari ez diogula autoritarismotik ezta larregiko permisibitatetik erantzun behar, baizik eta jolas eta ekite aukerak eskaini behar ditugula, beti ere minik eman gabe, agresibitatea sinbolizaziora garatzen laguntzeko. Haurrak hartu emanezko jolas konpartituan, bestearekin bizitutako plazerezko harremanean, gainditzen ditu bere beldur eta fantasmak.

Hitza sarri ez da nahikoa izaten haurrak bere jokabidea aldarazteko, horregatik deritzogu garrantzitsua psikomotrizitatean harremanaren parte diren bi subjektuak, bai psikomotrizistak eta bai umeak, transformatzeko aukera izatea. Bien arteko plazer konpartitua da benetan haurra aldaraziko duena. Haur eta heldu maleableak, non bestearengandik eraginduak izaten uzten diren, minik eman gabe.

Haurraren agresibitatea hartuko dugu beraz, eta kontenitu, jolastu; estruktura eman desio duen hori hitzaren edo errepresentazioaren bidetik adierazi ahal izateko, min erreala emateko beharrik gabe. Hauxe litzateke agresibitatea sinbolizatzea, transformatzea eta dominatzea, komunikazio egoki batera iristeko.
Haurrei beraien pultsioa gainditzen, dominatzen, kontrolatzen erakutsi behar diegu hortaz, txikiak diren momentutik. Guk beraien pultsioarekin egiten dugunaren arabera, beraiek ere halaxe egingo baitute beraien pultsioarekin. Sarri haurrei ez jotzeko eskatzen diegu eta geu gara lehenak hasarratzen garenetan horixe egiten dugunak beraiekin. Haurrak bere pultsioa dominatu ahal izateko nagusiok egin behar dugu lehenik gurearekin. Haurrek egiten dugun hori barneratzen dute, eta ez dioguna.

Zer egin orduan, behin eta berriz erasotzen duen haurrarekin? Nola lagun diezaiokegu?

Lehenik eta behin ulertu behar dugu orokorrean haurrak ez duela aukeratzen jotzea, haurrak bere aukeren artean ahal duena egiten duela, ez duelako beste modurik. Beraz, gure jarrera ez dadila zorrotzegia ezta kulpabilizatzailea izan. Ezta umearen mina eta ezintasuna ulertu nahi izanagatik, bigunegiak izan. Haur honek ulertuko duen heldua behar du alboan, ez esaten diona, estruktura eta muga jartzen diona: ez dizut inolaz ere minik ematen utzikob; aina aldi berean, bai esaten diona: jasotzen zaitut eta zurekin nago zuk nahi duzun hori esaten ikas dezazun minik eman gabe.
Helduak haurrari zuzentzen dion mezua argia eta zuzena behar du izan. Beharrezkoa denetan eraso duen umea jolasetik eta besteetatik urrunduko du eta norbere ondoan hartu. Senti dezala modu horretan jokatu ezkero, ezin izango duela jolasean jarraitu: zu prest izan arte, nirekin egongo zara. Begira nola jolas egiten duten zure kideek. Zu ere hartarako prest zaudela ikusten dudanean utziko zaitut beraiekin jolasten. Bitartean nire ondoan egongo zara.

Behin haurra lasaitu dela ikustean, haurraren adinaren eta heltze mailaren arabera, gertutakoaren inguruan hitza jartzen saiatuko gara. Gertatu den estenaren inguruan galderak luzatuko dizkiogu eta hitzekin adierazteko gai ez denetan, gertatu denaren inguruko gure irakurketa deskriptibo bat luzatuko diogu. Komenigarria dela uste badugu erasotua guregana hurbiltzera gonbidatu genezake, bien artean elkarrizketa sortzeko asmoz. Nahiz eta haur batzuentzat zaila egin, garrantzitsua deritzot ahal duten neurrian, hitza jartzeko saiakera egitea. Hitza jartzeak gertatutakoarekiko distantzia emozionala hartzen eta bizitutakoa ulertzen laguntzen du.

Nagusion jarrera bitartekari lan honetan haur biei kontenitzean datza, beraien arteko elkarrizketa gauzatu dadin. Inolaz ere ez diegu inposatuko batak besteari zerbait zehatza esatera, baizik eta beraien hitzak edo keinuak jaso eta errekonozituko ditugu, beharrezkoa denetan beraien hitzak errepikatuz, laburbilduz edo beraien keinuak hitz objektiboekin deskribatuz, eta akaso galderaren bat luzatuz. Helduaren interbentzioa gehiegizkoa denetan haurrek mekanikoki erreproduzitzen dituzte helduon hitzok, sakonean ezer ulertu edo barkatu barik. Ekintza honek ez du zentzurik haurrei benetako irtenbidea aurkitzen lagundu nahi badiegu.

Gaurkoan batik bat erasotzaileari nola lagundu diezaiokegun zentratuko naizenez, ez dut apenas aipamenik egin erasotuaren inguruan, baina noski erasotua izan denari erreparatuko diogu lehenik, behar denetan bere zauria, emozionala zein fisikoa, baretzeraino. Ezin dugu ahaztu ordea, sakonki sufritzen ari den haurra erasotzailea dela. Benetako laguntasuna, zaintza eta maitasunaren atzean dabilena mina ematen ari den haurra izan liteke. Barruan daraman mina bestearengan ateratzen duen haurra da behin eta berriz bere buruari harrika ari zaiona eta ez dakiena hortik nola atera. Beraz, lagundu diezaiogun haur honi bukle horretatik ateratzen, serio baina aldi berean, maitasunez. Maitasunik gabe ez dago sakoneko eraldaketarik.

BESTE HITZ BATZUTAN
• Eraso egiten duen haurra komunikatzeko desioa duen haurra da, baina ez daki beste modu egokiago batean egiten. Haur honek jolas egin nahi du, bestearekin bat egin nahi du, baina ez daki nola egin. Ez daki egokiro ukitzen eta ukitua izaten. Agresibitatea beraz, gaizki adierazitako komunikazio saiakera bat dela esan genezake, osagai emozional oso altua duena.
• Haurrak ez du nahi minik ematea, baizik eta guztia integratzea, bestearekin bat egitea.
• Haginka egin edo jo egiten duen haurrak "muelle" bat bezala du bere barruan, erasotzera eramaten duena. Bere pultsioa gehiezgizkoa da, gaindituta dago eta ezin dezake berau dominatu.
• Ia beti jotzen die haur berdinei, afektiboki interesatzen eta erakartzen dien horiei.
• Agresibitatea adierazten duen haur batengan badago helduarengandik entzuna eta maitatua, jasoa izateko eskaera sakon bat: Bizi naiz, baina gaizki nago. Zure begiradapean egotea behar dut hazteko.
Ez nauzu ulertzen zure maitasunaren eta aldi berean, kontentzioaren atzetik nabilela? Gelditu eta besarkatu nazu arren, mugatu eta maita nazazu. Erakutsi egidazu ez naizela pizti txiki bat edo gaizkile bat eta errekozozitu ezazu faborez maizen maitasuna. Lagundu iezadazu nire intentzioa maitasunez adierazten agresibitatez beharrean.
• Erasoa adierazteko modu desberdinak daude:

a) Besteengan minarekin eraginez.
b) Erasoa erreprimituz (inhibizioa).
d) Autoerasoa: patologikoagoa. Beraien buruari jo edota haginka egiten diotenak. Edo anorexia bera.

• 5-7 urteren bueltan joaten da jotzeko tendentzia normalean.
Haurtxoak ostikadak jotzen ditu amaren sabel barrutik eta badakigu bidea ireki nahi duela, eta ez ordea, mina eman. Aste gutxitako haurtxoak bere besoekin kolpeak astintzen ditu eta badakigu ez diola inori kalterik egin nahi. Haurtxoak titiburuari hanka egiten dio bere entziekin eta badakigu ez diola amari minik eman nahi.
Haurtxo batek muxukatzen ikasteko egiten du haginka. Agresibitatearen jatorria ia ekintzaren eta egitearen sinonimoa dela esan genezake. Agresibitatea haurrak duen maitatzeko adierazpena da, alegia. Haurtxoak direnetik hasten dira helduongan haurrek beraien barrua zuzentzen eta dominatzen ikasteko lehen mugak ezartzeko aukerak. Haur bat ezin daiteke hazi bere beharrak perfektuki asebetetzen dituen helduarekin. Haurrekiko horren egokiro ajustatzen garen helduak ez gara nahikoa onak.

AGRESIBITATEAREN JATORRIA
Arinago aipatu bezala, ez gara jaiotzen gelditzeko gaitasunarekin, limitea onartzeko gaitasuna bereganatu egin behar dugu. Gizarteak muga gainditzeko tendentzia dauka orokorrean. Haurrak ez dira jaiotzen nola harremandu ikasita, beraz. Beraien harremantzeko modua sarri, etxean bizitakoaren araberakoa izan ohi da, hoixe baita beraien eremurik garrantzitsuena. Guraso askok agresibitatez eztabaidatzen dugu gure artean eta haurren presentziapean, batzuetan bortizkeria fisikora iristeraino. Badaude gurasoak bestetik, non beraien agresibitatzea eta ezinegonak umeengan deskargatzen dituzten. Jotzen duten haur batzuk sarri erasotuak izan dira lehenik. Ez dute baliabiderik izan gurasoengandik jasotako haserrea eta amorrua ulertzeko eta eraldatzeko, beraien erantzuna automatikoa izan ohi da, beraien Nia oraindik estrukturatzen dagoelako.

Haurrak oso iragazkorrak eta permeableak dira beraien inguruan bizi eta ikusten dutenarekiko, gainditu egiten dira eta ondoren, deskargatzea behar dute. Gure gizarteak gero eta agresiboagoa dirudi, beraz ez gaitezen harritu gero eta haur agresibo gehiago egoteaz. Kontsultara eta laguntzara guraso asko hurbiltzen dira gai hau dela eta. Badaude bestetik, haginkadan edo jotzean geratzen diren haurrak. Ezetz esatera ausartu ez diren helduak izan ditu bere inguruan beharbada, eta ondorioz, bestearekin harremantzeko moduak gehiegizkoa izaten jarraitzen du.

Ohikoa da telebista asko ikusten duten haurrek, edo pantaila aurrean daudenek, beraien energia beste umeei bultza eginez edo joaz deskargatzea. Umeek beraien gorputza bizi behar dute, korrika egin, jolastu, aire librean esperimentatu, gastatu dezatela ahal duten eta energiarik gehiena, duten bizi grina orekatzeko. Pertsona batek energia asko duenean energia hori atera egin behar du modu egokian, bestela destruktiboki aterako du gutxien espero duenean. Telebistaren aurrean haurrak gainditu egiten dira eta gero eztanda egiten dute, eraso eginez.

Pantailek eragindako inmantazioak haurrari jotzea eragiten dio arrazoirik gabe.

Orohar, ez da existitzen haurrik fantasia agresiborik ez duenhiikl:da zaude, jan zaituistt,ripu jolasak, medikuarenak, gerrarenak... Baina fantasma hauek haurraren mundua gainditzen dutenean haur honek ezin du adierazi fantasma erasotzaile hori jolasaren bidetik, eta ondorioz, bat-bateko erantzun zakarrarekin eta ezustekoarekin erantzuten du.

Badaude haur batzuk inpultsiboegiak direnak eta beraien jarrerarekin familia osoa dominatzen dutenak. Ezezko txikienaren aurrean haserraldi bortitzak izaten dituzte eta bestea erabiltzeko tendentzia dute, batik bat beraien gurasoak, hauek jotzera iristeraino. Ez dute beraien desioarekiko atzerapenik ezta frustraziorik toleratzen. Sarri, jarrera hauek selektiboak izaten dira gainera, pertsona zehatzen aurrean azaltzen direnak soilik. Haur honen erreferentziazko heldua biktima eta ahula konfesatzen da eta haurrari muga jartzeko gaitasun falta azaltzen du. Haurren jarrera hau haurtzaroan bideratu ezik, nerabezaroan jarrera bortitzekin erantzun dezakete: altzairuak apurtuz, ekintzara pasatzearekin behin eta berriz mehatxatuz, modu bortitzean harremanduz beraien gertukoekin edota etxetik alde eginez esaterako. Gurasoen autoritateari burla egiten diote, batez ere amanarenari. Etxekoen arteko harremanak txantajean oinarritzen dira: hau egiten baduzu hori izango duzuedo hau egingo dut hori ematen badidazu. Jarrera hau etorkizuneko estruktuta psikotiko baten seinale izan daiteke, batik bat, etxean ematen den jarrera oldarkor hau haurraren gainontzeko harreman sozialetara hedatzera iritsi ezkero. Gehiegizko pultsio agresibo hau agertzen duten haurrek ez dute nahikoa bereizten beraien eta kanpoko munduaren arteko muga. Hauxe da estruktura psikotikoaren oinarrizko zeinua.

HELDUAREN ESKUHARTZEA
Eskuhartzeko bi era daude: bat, haurrek ez dezaten arazorik eman eta ez dezaten molestatu; eta bi, haurrei laguntzeko eta beraien pultsioa dominatzen laguntzeko.
Mina beti mugatu egin behar dugu. Mina ematen duten haurrei geldiarazi egingo diegu eta gurekin hartu, izan dituen intentzioa eta desioa kulpabilizatu gabe. Sarri haurraren intentzioa ez da mina ematea, baina ez daki nola adierazi bere desioa edo frustrazioa: Hau horrela ezin duzu egin, baina beste modu honetan bai. Edo, horrela ez, baina esango dizut nola egin dezakezun, begira.
Frustratuta dagoenean, haurrari baimena ematen badiogu bere amorrua minik eman gabe adierazteko eta bere mina jaso egiten badugu, amorrua adierazi egiten da eta desegin jarraian. Alderantziz, agresibitate hori erreprimitu eta kulpabilizatu egiten badugu, amorru hori areagotzea lortzen dugu eta eztanda egin eta mina emateko arriskua gehitu egiten da. Agresioa debekatzea erreforzatzea izan daiteke; baina kontuz, erasoa jasatea, inolako erantzunik eman gabe, bere intentsitateak gora egitea suposatu lezake. Erasotzaileak erantzun bat bilatzen du eta ez badiogu behar duen kontentzio erantzuna ematen, bere eskaera erasotzailea ozenago bilakatzeko arriskua dago.

Gauza bat da esatea ez egin hori, frutratzea, eta beste bat hori egiten baduzu ez zaitut maite adieraztea, nahiz eta hitzez ez esan. Jarrera traketsa izateagatik ez dezagun haurraren izatea eta pertsona osoa gutxiagotu. Honek min handia ematen du. Behin eta berriz eraso egiten ari den haurrak maitatua sentitzea behar du. Haurrak ezin du barneratu helduon ezetza, ez bada ziurtasun afektibo batetik. Ezetzak estrukturantea behar du izan eta haurrari ardura eskatzea beharrezkoa da, baina ez gehiegizko erruduntasunetik. Azken honek geldiarazi egiten gaitu eta ez digu irtenbiderik eskaintzen aurrera egiteko. Gauza bat da egin duena eta bestea bera dena: nik badakit zure intentzioa ez dela izan mina ematea, baina momentuz ez zaizu beste modu hobeago batean ateratzen. Badakigu egun batean lortuko duzuna minik eman beharrik gabe egitea, bitartean zurekin gaude laguntzeko.

Gatazken aurrean helduaren papera presentzia bera izan liteke, gerturatzea eta muga fisikoa ezartzea, soilik beraien arteko eraso arriskutsuak sahiesteko: Ezin da minik eman.Baztertu ordea, honelako sermoiak: Haur onek ez dute jotzen, jostailuak lagunekin konpartitu behar dira... Aurki ditzatela estrategiak beraien kabuz gatazkak konpontzeko, gure laguntzarekin beharrezkoa denetan, baina gureganako dependentziarik gabe.

Jotzen duen momentuan haurra ez dago askorik entzuteko. Hala ere, une horretan zerbait esan nahi edo behar ezkero, gerturatu berarengana bakarrean eta belarrira esan esan beharrekoa. Beste haurrak ez daitezela bere izena entzutera ohitu. Batzuetan begirada bat nahikoa izaten da, eta ez dago beti zerbait esan beharrik.
Badaude gatazka uneak non helduok ispilu lana egin dezakegun, umeen artean gertatu dena islatuz: Zuk diozu berak kendu dizula eta zuk hori ez dela egia diozu. Zein da zure iritzia hortaHze?men helduaren artea umeek diotena ez interpretatzea da, ez hartzea epaile papera, arrazoia nork duen aurreratuz. Izan dezatela aukera modu irekian euren arteko gatazkak adierazteko, helduaren babes eta laguntzarekin, beraien arteko errespetua bermatuz.

Ez banandu inoiz haurra besteengandik zigor bezala. Haurrari hitz egin behar zaio: Hemen egongo zara nirekin eserita eta minik eman gabe jolasteko prest zaudela ikustean, utziko zaitut joaten.Ez dadila haurra banantzea izan helduon estrategia. Hau da egin dezakegun errezena, baina baita kaltegarriena. Zigortzeak agresibitatea areagotu lezake. Baina hasarratu gaitezke beharrezkoa bada behin eta berriz mina ematen ari den haurrarekin, hitzez esanda nahikoa ez bada izan. Helduon partetik deskarga emozional bat beharrezkoa izaten da haur batzuentzat: Nahikoa da!

Haur bat mindua denean (haginkadaz, jotzeaz), honen gurasoek sarri profesionalei haurra babesteko eskatzen diete. Baina hau ez da hain zuzen ere haurrekin dauden profesionalen eginkizuna. Beraien lana haurra ziurtatzea da bere baliabideak bereganatzeko eta haur erasotzailearen aurrean defendatzeko indarra atera dezan. Eraso egiten duten haurrekin lana egin behar da, baina baita erasotuak direnekin ere.

Agresibitatea adierazten duten haur txikiekin heldua izango da erasoa bideratzen duena. Heldua izango da haginka egitea, jotzea edota bultza egitearen ekintza komunikaziora bideratzen lagunduko diena txikiak direnetik. Haurrei haginkada hori muxu bilakatzen lagundu behar diegu, jotzea hitzera garatzen hain zuzen ere.

PSIKOMOTRIZITATE LAGUNTZA
Eta nola lagundu diezaioke psikomotrizitate laguntzak haurrari bere barne pultsioa dominatzen?Agresibitatea gehiegizkoa denean, zuzenean ateratzen da, kontrolik gabe. Psikomotrizitate salak haurrari gehiegizko hori ateratzeko baimena eskaintzen dio sinbolizazioaren bidetik: jolasaren bidez edo plazer sentsorio-motorearen bidez, baina ez norbaiten kontra. Energia bera da agresibitate bidez ateratzen duen pultsioa eta jolasteko erabiltzen duena, baina lehenengoa destruktiboa bilakatu daiteke eta bigarrena eraikitzailea da.

Hasiera batean itsusia deritzogun jokabidea, maila sinbolikoan baimendu diateke. Jolasean plazerra agertzen denean tentsioa jaitsi egiten da eta ondorioz, agresibitatea plano errealean gutxiagotu egiten da. Behin sinbolikoki agresibitatea adierazteko aukera izan dutenean, ez zaie interesatuko jotzea; orain sortzea, komunikatzea eta eraikitzea izango da beraien nahia. Diseinatu ditzagun beraz, haurren espazioak suntsiketara jolasteko: jaurti, nahastu, haginka egin, eta astintzeko, ez bakarrik eraikitzeko. Haurrek agresibitatea ongi atera ahal izateko espazioak eskaini behar ditugu. Destruitu nahi duen haurrari gonbidatu diezaiogun koltxonetetara joaten. Bertan, bultza egin, jaurti, jauzi egin, desorekatu eta eskalatu dezan. Agresibitate hau mozten badugu bere sortzeko gaitasuna ere mozten ari gara.

Eraiki ahal izateko lehenik destruitu egin behar du. Helburua haurraren erasoa komunikaziora, sormenera eta pentsamendu kognitibora transformatzea da. Erasoa desdramatizatu behar dugu lehenik. Ezin da haginka egin, baina dorre bat suntsitu dezakegu adibidez. Erasoa jolastuko dugu. Erasoa sinbolizazioaren bidez eraldatuko dugu jakin badakigulako plano errealean eraso egiten duen haurra angustian geratuko dela; alderantziz, erasoa jolastu egiten badu, aurrera egingo du plazerraren bidetik.

Psikomotrizitate praktikan hauxe da gure helburuetariko bat: destrukziotik konstrukziorako bidea egitea. Jolasak garrantzia handia dauka haurraren agresibitatearen integrazioan, jolasak fantasia agresiboak esperimentatzea baimentzen baitio norberarentzat eta besteentzat destruktiboa izan beharrik gabe eta ondorioz, kulpa sentsaziorik gabe.
Psikomotrizitate salan mina ematen duten haurrei erasotzaile batekin identifikatzen lagunduko diegu. Ez da gauza bera ni gaiztoa naiz bizitzea edo gaiztoa izango banintz bezala jolastea eta mozorrotzea, argi eta garbi bereiztuz errealitatea eta jolasa. Inpultsibilitate hau onartu behar dugu plano sinbolikora transformatzen laguntzeko. Gauzak adierazi egin behar dira garatu daitezen. Psikomotrizitatearen helburua haurrari berekiko duen irudi ahaldunago eta baikorrago bat eskaintzean datza, finean. Izan dezatela aukera, bai familiak eta baita umeak, esentzian den haurra deskubritzeko eta berekiko begirada maitakorrago bat bereganatzeko.

Norbere agresibitatea dominatzen dugunean hasten da beste haurrarekiko edota bestearekiko egokitzapena. Agresibitateaz askatu den haurra bestearekin adostasunera iristeko prest ageri da. Adostasunera iristeak aldi berean, besteari eta niri entzutea eskatzen du, ez soilik norbere buruari. Hauxe litzateke komunikaziorako gaitasuna bereganatzea.

LABURBILDUZ
Agresibitatea autodefentsarako mekanismo naturala da jatorrian. Ezin dugu espero haurrak giza garapen osoa izatea beldurraren, lotsaren edo agresibitateren esperientzietatik zeharkatu gabe, moduren baten edo beste. Bai inhibizioa eta baita agresibitatea oinarrizko ziurtasun falta baten emaitza lirateke. Hala ere, nola ulertu dezakegu beldur, lotsa edo agresibitatearen jatorria haurrak familia arruntetan hazten direnenan eta familiok zalantzarik gabe, ahal dugun hoberena egiten dugunean hainbeste maite ditugun haurrekin? Jarrera kezkagarri hauek gero eta gehiago azaltzen dira familia esturkturatuetan eta ondorioz, gero eta gehiago dira profesionalen laguntza eskatzen dutenak, ezin baitute beraien kabuz haurren arazo eta zailtasunak bideratu.

Ohartzeko modukoa da bestetik, inguru kultural eta sozialak nola eragiten dien haurrei berezkoak dituzten baliabideak aurkitzeko beldur, lotsa eta agresibitatetik at oreka batera iritsi eta beraien kabuz ziurtatzeko: hainbat eta hainbat jolas espontaneo ordezkatzen duen telebista eta pantaila oro; haurren aurkikuntza eta lorpen pertsonalak mugatzen dituzten espazio itxi eta estrukturatuegiak; helduon espektatibetara egokitzeko haurrek jasaten duten presioa, beraien barruan senti duten horretatik urruti, beti nola azaldu eskatzen dien ingurua; geure barruarekin bakean ez gauden helduokin baldintzatuta... Faktore hauek guztiek haurren barne autorregulazioa eta oreka oztopatzen dute eta ez diote aukerarik eskaintzen beraien kabuz errekurtso propioak aurkitzeko, krisi hauetatik ateratzen ikasteko.

Hala ere, etsaia dirudien inguru kultural eta sozial honetataik haratago, beti praktikatu dezakegu gure haurren barne errealitatearekiko dugun empatia gaitasuna. Haurrek beraiekin gaudela antzematen badute, beraien jokaerengatik alboratu ez diegula sentitzen badute, gurekiko eta ondorioz, beraien buruarekiko konfiantza hazten da beraiengan eta honek nahikoa ziurtasun eskaintzen die beraien barne intseguritateak gainditzen hasteko. Haur oro da gai bere barne intseguritateei aurre egiteko eta orekatzeko, zaintzen ditugun helduok eskaintzen dizkiegun inguru eta harremanekin ez badizkiegu oztopatzen beraien berezko prozesu eta baliabide naturalak.

Heldu bezala, galdetu diezaiogun hortaz, gure buruari lehenik, zer aldatu dezakegun haurrarekiko begiradan eta ondorioz harremanean, umea ziur sentitu dadin eta ez dezan beharrik izan modu destruktiboan adierazteko. Orduan bai, gure ardura betetzen hasteko lehenengo urratsa emango dugu helduok. Hau nahikoa ez balitz, eta haurrak eta familiak zailtasunetan jarraituko balute, laguntza profesioanala eskatzea beti izango da egokia.

Gure haurraren zailtasunagatik pena hartu edo gaizki eta errudun sentitu beharrean, aprobetxatu ditzagun haurren bitartez bizi ditugun egoera zailago hauek galdera berriak egiten ikasteko eta pertsona baketsuago batean bilakatzeko, azken batean gure buruak eta baita besteenak sakonkiago maitatzeko. Jakin badakigu, krisi egoerak bizitzak ematen dizkigun aldatzeko aukerak izan daitezkeela. Zer ulertu dezadan nahi ote du bizitzak nire haurraren agresibitatearen bitartez?

IANIRE JAIO ISASI
Alboan Psikoguneko Psikomotrizista Terapeuta