"Hitz egiten duten gorputzak entzuten"

FAMILIEN ROLA ESKOLA-JAZARPENEAN ETA ZIBERJAZARPENEAN

Seme-alabekiko bizitza batzuetan ez da espero genuen bezain maitagarria

Eskola-jazarpena da familiei gehien kezkatzen gaituen arazoetariko bat. Gero eta haur gehiagok dute eskola-jazarpenarekin esperientziaren bat eta badirudi ez dagoela nahikoa argitasun eta gaitasun halako gatazkak bideratzen laguntzeko.

Gaur dagokidan gaia azaltzeko psikomotrizista gisa egindako behaketetan eta Cristóbal Gutiérrez nire maisu estimatuarekin ikasitakoetan oinarrituko naiz batik bat. Nire asmoa ume bakoitzari zerk eramaten dion esperientzia hauek bizitzera aztertzea izango da, ondoren, gure seme-alabengan gatazka horiek prebenitu ahal izateko helduok zer egin dezakegun hausnartuaz.

Argi dago eskola gizartearen isla dela eta seme-alabak gurasoen miniaturazko erretratua. Helduon bizitza bortitza bada, eskola ere bortitza izango da. Haurrek beraien egunerokotasunean arnasten den indarkeria xurgatzen dute eta ondoren, eskolan adierazi ohi dute.

Sarri, bizitzak gure seme-alaben bitartez estutu egiten gaitu, batez ere errealitatea eta beraiengandik espero genituenak bat ez datozenean. Zaila egiten zaigu eskola-jazarpenari bezalako arazoei ongi etorria ematea, baina baliteke arazo hauek behar adina ikertu ez ditugun alderdien inguruan sakontzeko aukera bat izatea. Prest egon ala ez, gurasook ikusi nahi ez dugun hori begiratu behar dugu, haurrek buruhausteak emango baitizkigute nahi eta nahi ez.

Gure seme-alabei gertatzen zaien horrekin gutxieneko bakea lortzen dugunean, gure haurren harremanak itxura batean diruditen horretatik haratago begiratu ahal izango ditugu, eta orduan zerbait egokia atera liteke gutatik irtenbideak bilatzen laguntzeko. Itxuraz haratago ikusten dugunean, haurren bihotzetara iristen gara, eta hemendik aldaketa posible egiten da.

Zentzu honetan, haurrek gure begiradan egon behar dute etengabe. Seme-alabekin amaigabeko entrenamenduan gaude gurasook, haurrak, ezta bizitza bera ere, inoiz ez baititugu erabat ulertuko. Horregatik, erne eta esna egon behar dugu haurrekin suertatzen den mugimendu bakoitzean, inbaditu gabe, baina ezta horregatik zaintzarik barik.

Maite eta egizu nahi duzuna (San Agustin); zaindu eta hezi nahi duzun bezala (Cristóbal Gutiérrez)

Gure seme-alaben zaintzan, ezta eskola-jazarpenean ere, kontua ez da zerbait zehatza jarraitzea, bihotzetik jardutea baizik. Guraso bezala, ondo kokatuta bagaude, ez dugu bizitzari buruz hitz egin edo gure ikuspegia eman beharrik izango, transmisioa era naturalean gertatuko da. Beraz, izan gaitezen maitasunaren eta zaintzaren eredu, eta ez gaitezan seme-alabei maitatu behar dela edota lagunak zaindu behar direla esatera mugatu.

Era berean, galde diezaiogun geure buruari une batez: Nola gaude kokatuta gurasook gure seme-alaben aurrean? Nola kokatzen dira gure umeak bizitzan, biktima ala errudun bezala? Begiratzen diegun moduak indarra ematen die ala ahuldu egiten ditu?

Egunen batean ez dagoela haur onik ezta okerrik ulertuko bagenu, baizik eta maite edo kaltetzen duten haurremanak, gizadiarentzat oso lagungarria litzatekeela uste dut. Egia esan, jatorrian haur denak ziren maitasuna, eta afektua baino ez zuten eskatzen. Agian, haurraren erreklamazio horri emandako erantzun desegokien segida batek eragin eta kutsatu egingo zuen haurraren berezko maitatzeko gaitasuna.

Harreman guztietan, inor ez da errugabea

Batzuetan, helduok zein haurrek zerbait egiten dugu gatazketan sartzeko, besteari ez ikusiarena egiten bada ere. Bestetan, ez gara gure lekuan kokatzen, eta eroso egon ez arren, zerbaitek eramaten gaitu istiluaren erdian egotera.

Badirudi haur bakoitzari besteak duen zerbaitek erakarri egiten diola edo atentzioa ematen diola gutxienez, bi aldeek elkar aurkitu behar izango balute bezala bakoitzarengan zerbait ulertzeko. Batzuetan gure seme-alabengan alderdiren bat ahul izaten da, eta bizitzak elkargunera eramaten ditu bai haur bata eta bestea, harreman horren bitartez zerbait ulertu eta bakea jartzeko. Azken baten, errudun batek biktima bat behar du eta biktima batek errudun bat, zerbait esanguratsua ulertu eta norbere izatea osatu eta indartzeko.

Beraz, bizi dugun hori gogaikarria eta mingarria suertatu arren, bizitzak dakarkiguna ongi hartzea irtenbide guztien hasiera litzake. Ondo hartzeak bizitzen ari garen guztiarekin zerbait ona egitea esan nahi du, ukaziorik gabe. Ez gara baloiak kanpora botatzera eta errua besteengan jartzera mugatuko, baizik eta norbere ekintzaren erantzule egingo gara, itxuraz ezer egin ez dugula dirudienean ere.

Onarpen honek ez du esan nahi gertatzen denaren aurrean besoak gurutzatuta geratuko garenik edota zigorrean geratuko garenik. Gakoa errealitatea den bezala hartzean datza. Gertatzen zaiguna ondo hartzen dugunean, aurrez begiratu eta eragiten digun mina jasoaz, orduan bai, prest izango gara min horrekin zerbait ona egiteko, molestia hori maitasun giltza bilakatzeko. Onartzeko halabaina, itxuraz haratago begiratu behar ditugu haurrak, bai norbere seme-alabak eta baita besteenak ere, egiten dutenaz edo egiten ez dutenaz haratago, alegia. Gure seme-alabak terminoetan justifikatzen baditugu, errudun edo biktima direla sinestuz, irtenbide posiblerik gabe zigortuko ditugu.

Beraz, errudunak eta biktimak ikustea baino interesgarriagoa iruditzen zait harreman batean arduradun diren erantzuleak antzematea. Denok ikasi behar dugu zerbait bizi ditugun esperientzietatik. Alde bakoitza bere egintzaren erantzule egitea eta norbere ondorioak bakoitzaren gain hartzea da gure seme-alabei jakinarazi beharreko ikasgaia, epaietatik haratago hazten lagundu nahi badiegu. Utzi diezaiegun hortaz gure haurrei tokatzen zaizkien arazoak bizitzen eta hauek arduraz hartzen.

Gure seme-alabak, gainontzeko guztiok bezala, bizitzak hartu egiten ditu eta eraman. Zentzu honetan, denok gara apur bat biktimak eta denok pittin bat erasotzaileak. Egia esan, ez dago hainbesteko alderik beste horren eta nire artean, beste hori ni ere izan nintekeelako. Aprobetxa ditzagun beraz, eskola-jazarpenak dakarzkigun gorabehereak gure haurrek beraien buruak eta besteenak eta dituzten hartu-emanak ulertzeko. Imajina zenezakete mundu bat non ona eta txarra balioesten ez den? Ez naiz ari ekintza egokia izan den ala ez kuestionatzen, baizik eta haurra egin duen horren araberako balorazioetan eta identifikazioetan giltzapetuta utzi beharrean, sakonean den maitasuna errekonozitu eta aukera-esperantzetara ireki nahian baino.

Batzuetan, besteak zenbat eta gehiago behar, orduan eta kalte handiagoa egiten dugu, eta orduan eta gehiago banatzen gara.

Haur batek beste bat jazartzeko dituen arrazoiak anitzak izan daitezke, baina argi dago indartsu dagoenak ez duela ez erasotzen ezta minik ematen; alderantziz, ahul dagoenak erabiltzen du indarkeria, nahiz eta itxuraz gogor agertu. Jarrera bortitzarekin diharduten haurrak zatiketa batengatik sufritzen ari dira, eta kontrakoa dirudien arren, gure bihotzetan leku baten atzetik dabiltza, hainbeste faltan botatzen duten batasun hori sentitze aldera. Beraz, begirada maitakor batekin begiratzen ez diegun bitartean, besteengandik bereizita haziko dira.

Jarraian, hainbat hipotesi aipatuko ditut, haur hauei zerk eramaten dien beraien oinarrizko beharretatik horren hurrun, jazarpena ezartzeko posizioan kokatzera:

Baliteke jazartzen den haurra drogatuta bezala egotea, mugarik gabe, bestearengan eragiteko plazer hutsagatik. Muga nahikorik izan ez duten haurrak izan daitezke eskola-jazarpena eragiten dutenak edota mugarik gabeko gurasoen eskutan beraien ongizatea arriskuan bizi izan duten umeak.

Bestetan, gurasoen indarkeriaren eta, aldi berean, haurrak bere emozioa adieraztea debekatu izanaren konbinazioak presio handiko egoera onartezina bizitzea eragiten die haurrei. Gurasoengandik jasotzen ari diren trataerak eta honez gain, senti dezaketen indignazioa eta nahasmena besteari komunikatu ezinak indarkeria leherketa bortitzak izatera eramaten die. Inor ez bada inoiz haur hauen ongizateaz arduratu, eta are gutxiago sentitzen ari direnaz, beraiek ere ez dutela zertan besteen ongizateaz edo sentimenduez arduratu beharrik ikasiko dute.

Oro har, jazarkeria egiten duten haurrek beste haur batengan, batez ere haur txikiago edo ahulagoarengan, beraien haurtzaroko oroimen mingotsak eta horren desiagarriak izan ez direnak iraultzen dizkie; bestetik, egoera batzuetan, anaiatxo baten jaiotzak ukapen-sentimenduetara eraman dezakete, eta sentimendu hori "biktima boluntario" bati itzul diezakiekete. Jeloskortasuna eta gutxieste-sentimenduak gainditzeko ahalegin handia egiten ari diren haurrak izan ohi dira. Biktima horren bidez beraien ondoeza arintzen dute, hori baita bizirik irauteko aurkitzen duten
modua. Badakit burutik ulertzea zaila dela, baina haur hauek azaltzen duten portaerarekin eta eragiten duten minarekin orekatzeko eta galdutako maitasuna berreskuratzeko ahalegin handietan dabiltza. Lagundu nahi baldin badiegu behintzat, jar dezagun arreta maitatua izateko duten gogoan eta ez hainbeste gaizki egiten duten horretan. Gure arimak berearekin lotuz eta itxuraz irteerarik ez dutela diruditen ekintza trakets hauen artean geratzen diren itxaropen izpiak antzemanez lagundu ahal izango diegu soilik.

Argi dago beraz, jazarpena eragiten duten haur hauek biktimak aukeratzen dituztela beraien ezintasun-sentimendua konpentsatzeko. Haurrak pasiboki bizi duen guztiak ahots aktibora pasatzeko joera du. Horregatik, ume erasokor asko moduren baten edo beste erasotuak izan dira lehenago.

Esaterako, gurasook asko eztabaidatzen badugu, elkarri oihu egiten badiogu, edo elkar jotzen badugu, gure haurrak agresibitate hori guztia jasotzen ari dira, eta ziurrenik, nolabait atera egingo du. Horregatik, hobe da haurren aurrean ez eztabaidatzea eta egitekotan, minik eman gabe eztabaidatzen ikastea.

Bestalde, seme-alabek gurasoengandik pertsona desberdinekiko errespetua jaso izan badute, litekeena da haur hauek ere aniztasuna errespetatzea. Hala ere, badaude gurasoak non barre egiten dieten itxuraz desberdin direnei, beste herrialde batzuetako pertsonei buruzko komentario iraingarriak eginez esaterako edota jokabide matxistak izanez. Eta haurrek gurasoak imitatzen dituzte; eredu diren helduek gainontzeko jendearekin bortitzak izateko inertzia dutela ikusten badute, ez da harritzekoa beraiek ere modu horretan azaltzea gainonzteko haurrekin.

Era batera edo bestera, senti dezaketen amorruak, haserreak eta min egiteak jada ez diotela gauza onerako balio ulertu ez duten haurrak istilutan sartuko dira behin eta berriro, beraien barruko miña ateratzeko beharrez, nahiz eta batzuetan damututa sentitu. Baliteke haur hauek bere gurasoengandik zaurituak sentitzea eta aita-amak erabat ez onartzea. Baina gurasoekin gerran dauden haurrak bere buruarekin, gainontzekoekin eta bizitzarekin ere gatazkan daude.

Haur guztiek aitaren zati bat, amaren beste bat eta bizitzak eman dien berezko beste alderdi bat daramate bere baitan. Alde horietako batekin gaizki konpontzen badira, bere buruarekin gatazkan sartzen dira. Aita besarkatzen dutenean adibidez (modu errealean edo intimoki), aita hori beraien bihotzetara eramaten dute, eta ondorioz, barruan duten aitarekin bat egin. Modu honetan, besteari lotzeko ez dute bestearengandik banandu beharrik izango eta alderantziz, errazago izango zaie beraien maitatzeko asmo sakona betetzea.

Bizitza bera dela haurrei gaizto bezala jokatzera eramaten dien motorra ulertzea funtsezkoa deritzot, bestearekin elkartzeko eta bat egiteko beharra, alegia. Agresibitatea adierazten duten haurrek helduarengandik entzuna eta maitatua izateko eskaera sakona egiten dute: Bizirik nago, baina gaizki ordea. Zure begiradapean egon behar dut hazteko. Ez al didazu ulertzen zure maitasunaren eta aldi berean zure kontentzioaren atzetik nabilela? Gelditu eta besarkatu, mugatu eta maitatu nazazu, arren. Erakutsi egidazu ez naizela piztia txiki bat edo gaizkile bat, eta aitortu ezazu, mesedez, naizen maitasuna. Lagun iezadazu nire asmoa maitasunetik adierazten, indarkeriaz jokatu beharrik izan ez dezadan.

Haur hauei are gehiago zauritzen diegu gaiztoak direla esanez, gugandik urrun zigortuz eta aldatzeko aukerarik gabe geldiaraziz. Haur hauek jarrera horrekin identifikatzeari utz diezaioten helduok beraien alboan egon behar dugu, eta ez abandonatu edozer dela ere. Itxuran egiten duten horretatik haratago direna begiratzea funtsezkoa da bidean ez gaitezan galdu: Seme/alaba maitea, orain arte ez dut zu begiratzen jakin eta orain maitasunez egin nahi dut. Zu ez zara gaiztoa, baina egia da batzuetan besteari min egiten diozula, eta ondo legoke konturatzea horrek zer eragiten duen besteengan eta baita zugan ere. Beraien ekintzetatik abiatuz haratago ikertzen lagundu behar diegu haurrei ,egunen batean jada ez diela inori kalterik egitea merezi uler dezaten. Badakizu, ahul gaudenean, min egin behar izaten dugu defendatzeko. Ordea, benetan indartsuak garenean maitakorrak garela jendearekin konturatu naiz. Haurrek ulertu behar dute beste bat kaltetzen eta mespretxatzen dutenean beraien buruei ere kalte egiten ari direla eta gero eta gehiago ahultzen direla. Bestea zaintzen eta eskertzen dutenetan alderantziz, indartu eta batu egiten dira, funtsean denok bat gara eta.

Jakina da beraz, gure seme-alabek egiten dituzten gauza asko eta asko gurasoon bikote-harremanaren ondorio eta sintoma izan daitezkeela, baita izaera patologiko bati dagozkion muturreko portaerak ere, hala nola psikosia bera. Psikosia duten haurren ezaugarria bera eta bestea bereizteko ezintasuna da, eta ondorioz, enpatiarik eza. Haur batzuk oldarkorregiak dira, eta beren jarrerarekin familia osoa menderatzen dute. Frustrazio txikienaren aurrean, haserre bortitzak izaten dituzte, eta bestea erabiltzeko joera agertu ohi dute, batez ere gurasoak, hauek jotzeraino.
Ez dute beraien nahiaren atzerapena eta frustrazioa onartzen. Sarritan, jarrera horiek selektiboak izaten dira, eta pertsona jakin batzuen aurrean baino ez dituzte adierazten. Haur hoien erreferentziazko helduak biktima eta ahula dela aitortzen du, eta haurrari mugak jartzeko gaitasunik ez duela onartzen du. Jarrera hori haurtzaroan bideratzen ez bada, nerabezaroan indarkeriazko jarrerekin erantzun dezakete: altzariak apurtuz, behin eta berriz ekintzara pasatzeko mehatxua eginez, hurbilekoekin indarkeriaz erlazionatuz edo etxetik alde eginez, adibidez. Gurasoen utoritateari burla egiten diote, batez ere amarenari, eta senideekiko harremanak txantaian oinarritzen dira. Jarrera hori etorkizuneko egitura psikotiko baten seinale izan daiteke, batez ere indarkeria hori haurraren gainontzeko gizarte-harremanetara hedatzen bada.

Gaur egun, jazarpen-kasuak ez dira eskolaren eremura soilik mugatzen. Gero eta ziberjazarpen kasu gehiago daude. Garrantzitsua da, besteak beste, haurrek Interneten inolako kontrolik gabe ez nabigatzea. Beti egon behar du heldu batek jarduera horiek gainbegiratzen, anonimotasuna bermatzen duten sare sozialetan oso erraza baita iraintzea edo iruzkin mingarriak egitea. Haur asko ez dira aurrez aurre jazartzera ausartzen, eta nahiago dute Interneten anonimotasunetik egin. Gainera, askotan, eskola-jazarpena eta ziberjazarpena elkar elikatzen dira. Kasu hauetan, haur erasotuek, sare sozialetan sartzeari utzi ezik behintzat, etengabe jasaten dute jazarpena, baita etxean daudenean ere.

Noski, jazarpena egiten duten haurrekin lan egin behar da, baina baita jazarpena jasaten dutenekin ere.

Eskola-jazarpenaren arduradun nagusiak erasoa egiten dutenak dira beti, baina gai horri sakon heldu nahi badiogu eta guztiei lagundu nahi badiegu, zergatik haur batzuk beste batzuk baino errazago bihurtzen diren biktima ulertu behar dugu. Oro har, autoestimu baxua duten haurrak izaten dira jazarleentzat “haur diana" errazenak. Ahularen paperean jartzera ohituta dauden haurrak dira, eta ez dakite nola utzi rol hori, munduan duten lekua biktima paperetik dela barneratua balute bezala. Ohituta daude tratu txarrak jasotzera eta, tratu txarrik jaso ezean, modu batera edo bestera biktimizatuak izatera.

Hona hemen hipotesi baztuk haurrak biktima gisa sentitzeko eta jarduteko zer bizitzen egon daitezkeen ulertze aldera:

Baliteke etxean ere tratu txarrak jasotzen dituzten haurrak izatea, edo gurasoen arteko gatazkaren errudun sentitzea, eta ondorioz, gainontzeko haurrengandik erasotzen uztea. Gerta daiteke halaber, gurasoetako batek bestea gaizki tratatzea eta tratu txarrak jasan dituen gurasoarekin identifikatzea, beldurtiaren rola hartuaz.

Sarri haur horiek isilpean eramaten dute gertatzen zaiena, tratu hori merezi dutela uste dutelako beharbada, edota gurasoei hutsik egin nahi ez dietelako, bai eta emozioak ezkutatzen dituzten gurasoak izan ditzaketelako, beraien seme-alabei eurenak adieraztea galazo araziz. Aldiz, haurrak zerbaitekin etortzen zaizkigunean, ez dezagun presarik izan gauzak nolakoak izan behar duten azaltzeko eta lezioak emateko, baizik eta izan daitezela beraiek lehenak azaltzen, eta gero helduok erantzungo diegu: nik uste dut zure lagunak ez dizula hau esan nahi izan, baina agian zure ilea hainbeste gustatzen zaio, non gogaitu egiten zaituen. Baliteke zutaz inbidia sentitzea. Interesgarria litzateke gure seme-alabarekin batera beste haurrek hain itsusi jokatzeko zer gogo duten aztertzea. Gure erantzuna epai soil batean geratu ordez, bestea haratago ulertzen saiatzea, alegia.

Bestalde, guraso batzuok gehiegi babestu ohi ditugu seme-alabak, eta ondorioz haur horiek ez dakite erantzun bat ematen, gurasoek haien alde egin ezean. Ohikoa da heldu hauek erasoa jasan duen semea babesteko eskatzea profesionalei, haiek egin ohi izan duten bezala. Ondo dago harreman horiei arreta jartzea, baina, horrez gain, haur indefentsoago direnei lagundu egin behar zaie, aurre egiteko dituzten baliabide propioak gero eta garatuagoak izan ditzaten.

Jazarpena jasan duten haurrei biktima direla sentiarazten badiegu, zaila izango da aldatzea eta beraien kabuz jarduten ikastea. Helduok biktimizatu besterik egiten ez baditugu, gure haurrak arrazoia duela eta besteak errua duela erakutsiz, litekeena da une batez zerbait arintzea, baina ez helduak eta ez haurrak ez dugu gatazka errepikatzeari uzteko adina ulertuko. Are gehiago, bizitzak berriro ere antzeko arazo baten aurrean jarriko gaitu, oraindik zerbait konpontzeke dugula gogorarazten diguna. Benetako konponbide bat egon dadin, jazarpena jasan duten haurrek beraien onena atera behar dute eta bere alde ahula indartu. Horretarako, beraien egintza begiratzera, galdetzera, zalantzan jartzera eta erantzukizuna hartzera gonbidatu behar ditugu, eta ez soilik besteari begiratu eta errua leporatzera. Eta zu, zeren beldur zara? Zer egin dezakezu egoera honen aurrean?Zein da zure ardura hemen? Askotan, errazago zaigu berdin jarraitzea errua kanporatuz, gaia konponduta geratzen delakoan, norbere buruari begiratzea eta aldatzea baino.

Hain zuzen ere, gure seme-alabei ematen diegun erantzunaren arabera, indartsuago edo ahulago egingo ditugu. Kontuz ibili behar dugu beraz, arreta nora daramagun: nik uste dut haur horrek ez duela oso ondo egon behar gauza horiek egin ditzan. Zer uste duzu gertatzen zaiola? Eta orain, zer egin dezakezu zuk zure burua zaintzeko? Lagundu zaitzaket? Zerbait behar baduzu, kontatu dezakezu nirekin. ---------- Edota haurra kexaka datorkigunean beste haur batek zerbait egin diolako: Ama, tontoa naizela esan dit. Benetan uste duzu tontoa zarela? Zu ez zara tontoa, ezta? Baina hori bai, uste dut zuek biok zerbait konpondu beharra duzuela. Zergatik uste duzu deitu zaituela horrela?. Gure haurrak egin ahal izango balu, ondo legoke jazarri duen haurrari aurre egitera gonbidatzea, zerbait gertatzen zaion edo laguntza behar duen galdetuz esaterako, egiten ari den horrek kalte handia eragiten duela azpimarratuz.

Ikus dezakezuen bezala, gure esku dagoen zeregin nagusienetariko bat gure seme-alaben autoestimua eta barne-indarra elikatzea da, jakin dezatela diren eta barruan daramaten indarra egoki ateratzen. Haurrek sentitu behar dute helduok pertsona indartsu eta baliotsu bezala ikusten ditugula. Horretarako, ez ditugu gure seme-alabak gutxietsi behar, ezta behin eta berriz zerbait gaizki egiten dutenetan ere. Munduari konfiantzaz aurre egiteko aukera emango diena autoestimu on bat izango da, eta ez hainbeste nota onak. Haurrek autoirudi baikorra eratu badute, eta ondorioz, dagoeneko badiren indarra ateratzea eta izatea lortzen badute, ziur aski beste modu batean kokatu ahal izango dira besteen aurrean, biktima paperetik haratago.

Ildo honetan, beharrezkoa da haurrek beraien gaitasuna eta indarra deskubritzea, eta barruan daramatena ateratzera gonbidatzea, kexarik, nagikeriarik eta beldurrik gabe: orain, zure beldurrari esan diezaiokezu gera daitekeela zure ondoan pixka batean behar badu, baina zuk ez diozula egin behar duzuna egiteari utziko, eta ikusiko duzu hainbeste jaramon egiten ez diozunean, nola beldurrak berehala alde egingo duen. Haurrak boikoteatzen direnean, ezin dutela pentsatu eta esaten dutenean, gero eta gehiago ahultzen dira: Beno, ba egin ezazu beldurrez! Ez diogu kasurik egingo aurrera egitea eragozten dien beldurrei, baizik eta aukerak irekiko dizkiegu. Egia esan, beldur hoien azpian esentzian beraien izatearekiko ignorantzia handia dago.

Prebentzio gisa, ondo legoke gure seme-alabek beraien egunerokotasunean hutsune eta ziurgabetasun egoera jasangarriak bizitzea. Haurrekin hain onak garenean eta haiek ere horren onak izatea espero dugunean, ahuldu egiten ditugu. Gure seme-alabek gutxieneko gaiztoak izan behar dute besteari ezetza esatea tokatzen denetan posizionatu daitezan.

Gurasoen laguntza eta ulermena beharrezkoak dira haurrek bizi dituzten krisiak gainditzeko, baina gurasoen laguntza nahikoa ez balitz haurrak beraien kabuz ziurtatzeko, senideek erabat babestu beharrik gabe, adituren batekin hitz egitea ondo legoke, haurrak sakonki eralda daitezen eta horrela, bizitzak ezartzen dizkien arriskuei segurtasun handiagoz aurre egin diezaieten.

Sufrimenduaren arrazoia zatiketa da

Ezinezkoa da konponbide bat ematea alderdietako bat baztertzen badugu, bai biktima izan, zein erruduna izan. Arimak ez du bazterketarik jasaten eta beraz, etengabe begiratuko du sufrimendua dagoen lekura, guztiek merezi bezala, benetako batasuna lortu arte. Nola begiratzen diegu jazarle gisa agertzen diren haurrei? Eta jazarpena jasaten dutenei? Biotako nori ez diogu maitasunez begiratzen?

Ohikoena da gure inertzia, ona eta biktima bezala agertzen den haurrarengandik hurbilago azaltzea, berau babestuaz; eta alderantziz, itxuraz gaiztoa eta kalte besterik egiten ez duenarengandik urruntzea, hura baztertuaz eta zigortuaz.

Hala ere, hain erantzun estuekin ez dugu haur bata ezta bestea zaintzen. Ez diegu begiratzen beraien akatsetatik ikasteko ideiarekin, baizik eta epaitzeko eta kritikatzeko baino ez. Haur zuzen eta okerrik ez dagoela ulertzen dugunean, baizik eta, horren ordez, denak bat direla konturatzen garenean, eta bakoitzak daukan osagaiekin ahal duena egiten duela jabetzen garenean, orduan bai benetako aldaketa ahalbidetuko dien irtenbidea bilatu ahal izango dugu.

Balio handikoa iruditzen zait haurrei bitzitzak dakarkien guztia entregaz bizi dezaten helaraztea, eta ez transmititzea horrenbesteko beldur, kezka eta segurtasun eza. Besteak eta beraien izateak ulertzeko haurrei funtsezko galderak egitera gonbidatzen zaituztet: Egiten duzun (edo egiten ez duzun) horrek arinago ala astunago uzten zaitu? Laguntzen ala oztopatzen zaitu? Indartzen ala ahultzen zaitu? Batzen ala banatzen zaitu? Urruntzen ala gerturatzen zaitu? Zer nahi ote du bizitzak esperientzia honen bidez uler dezazun?

Sufrimenduak konponbidea dauka

Edozein arazok, baita jazarpenak ere, konponbide bat eta hobeto egoteko gogo bat biltzen ditu sakonean, non gogo hauek arazoa eta mina bizituz deskubritu ditzakegun, hau ez litzateke gertatu beharko ideian erori gabe, behin eta berriz kexatu, penatu edota damutu barik.

Garrantzitsuena ez da arazoa desagertzea, baizik eta bizitzak gure seme-alaben bitartez ekarri digun egoera ulertzea; izan ere, gertatzen ari bada, begiratu beharreko zerbait dagoelako da. Egia esan, hainbesteko mina ematen duen gertaera hau familia berregituratzeko aukera bat izan daiteke, guzti honetatik indartsuago, elkartuago eta jakintsuago atera gaitezen. Gertatzen ari zaigun jazarpen gatazka honek norantza begiratu dezagun nahi ote du?

IANIRE JAIO ISASI
Alboan Psikoguneko Psikomotrizista Terapeuta