"Hitz egiten duten gorputzak entzuten"

ARAUAK ETA MUGAK HAURREKIN

Gaur egun haurrek lehen baino gutxiago obeditzen digutela eta gurasoak erraz maneiatzen gaituztela esaten da. Baliteke gero eta heldu gehiagok guraso izateko, bere osotasunean ulertuta, zailtasunak izatea, beharbada ez garelako seguru sentitzen autoritatea praktikatzen dugunetan, modatik at geratuko bailitzan. Hala ere, gure seme-alabengatik erabakiak hartzea helduon ardura dela deritzot.

Aldi berean, guraso askok gure seme-alaben lagun bagina legez jokatzen dugu, gure aita-amek egin ohi zuten horretatik desberdindu nahian beharbada. Kasu honetan, helduak permisiboegi azaltzen gara, gure seme-alaben maitasuna galtzeko beldur. Hala ere, mugak jartzen zaizkion haurra ume maitatua da.

Hala izanik, amaren eta aitaren funtzioa atxikimenduaren eta legearen funtzioan oinarritzen da, biak ala biak dira garrantzizkoak eta osagarriak. Kontua ez da autoritarismora itzultzea, baina bai mugak ondo hartzea bizitzaz bere osotasunean gozatu ahal izateko.

ZAINTZEN DUTEN MUGAK:
Ba al dago hitzik gabeko mugarik gure seme-alabekin? Ba al daukagu presentziarik beraiekin? Galdetzen, gelditzen edo entzuten gaituzte? Gure haurra garrantzitsua da, baina ez du munduaren erdigunea izan behar. Ez luke etxea hankaz gora jartzeko adina indar izan beharko.
Gure seme-alabari muga bat jartzen dioguenean, ez gaitezan ahaztu ekite hau, itxura batean mingarria iruditu arren, maitagarria dela; afektutik eta lasaitasunetik mugak adieraztea maitasun-ekintza bat da.

Mugaren bitartez, heldua presente egiten da. Haurrak bera ez den beste batekin egiten du topo, bere beharrizanak dituen helduarekin alegia. Haur batzuek muga eta gurasoen presentzia eskatzen dute, eta ez soilik akordio bat. Haur bat seguru hazteko, bere gurasoak nabaritu behar ditu, bai bigunean eta baita gogorrean.
Zaintzen duten mugek ez dute zapaltzen, ez dira nagusiari obeditzean oinarritzen; aitzitik, bizikidetza aberatsa eta atsegina ahalbidetzen duten arauak dira, eta kide bakoitzaren osotasun fisikoa eta psikikoa ahalbidetzen dituzte. Haurrek kode jakin batzuk ikasi behar dituzte taldean bizitzeko.

Askatasuna eta mugak, beraz, ez daude kontraesanean, elkarren osagarri dira. Mugak hasarrarazi egin dezake haurra, baina aldi berean bere barnean zerbait baretu egiten da, gida eta norabide bat izateak eta gauzak nola egin daitezkeen jakiteak ziurtasuna ere eskaintzen duelako. Mugak eta arauak bizitzaren parte dira, eta ez digute, sarritan pentsatu ohi den bezala, sormena kentzen edo pertsona zurrun bihurtzen; alderantziz, arretatsuago eta sentikorrago bilakatu gaitzakete.

ZEIN ADINETAN HASTEN GARA MUGEKIN?
Mugak adin goiztiarretik hasita jartzea komeni da. Zenbat eta denbora gehiago igaro frustrazio bizipenik gabe, orduan eta aukera gehiago egon daitezke mugak baztertzeko, eta gutxiago barneratzeko.
Atxikimendua zein banaketa, biak ala biak dira beharrezkoak haurra eraikitzeko. Amaren eta haurraren arteko urruntze progresiboa adin goiztiarretik eman behar da. Ez naiz goizegi bereizteaz ari, baina bai pixkanaka banantzea aurreikusten duen sostenguaz. Edoskitzea gehiegi luzatzen badugu esaterako, baliteke haurra oso zorrotza bilakatzea amarekin, ia-ia heldua objektu bihurtzeraino. Beraien gorputza amaren gorputzarekin itsatsita mantentzen duten haurrek ez dute nahikoa distantzia beharbada, amarekin amets egiteko, ezta ondorioz, sinbolizatzeko ezta pentsatzeko.
Guraso batzuok ia dena asetzen dugu bularrarekin, modu horretan gure seme-alabak seguruago haziko direla uste dugulako; beste ama batzuk, berriz, inertziaz erabili ohi dugu edoskitzea, haurrarekin bizi dugun egoerari osotasunez eusteko ezintasunagatik; baliteke halakoetan heldu bezala gure tokia hartzeko zailtasunetan izatea, eta, ondorioz, larregi erabilgarri azaltzen gara gure seme-alabontzat; baliteke bestetik, bikotekidearekiko harremanean zerbait krisian egotea eta ondorioz, haurrari helduta geratzea.

Hala bada, ama haurrarentzako horren eskura ez egoteak haurrari bere izatearen eraikuntzan eta bilakaeran erraztu diezaioke. Haurrak hitza jartzeko, lehenik gose sentitu behar du. Guztiz asetuta dagoen haurrak ez dauka eskatzeko, ezta hitza jartzeko beharrik. Beraz, beharrezkoa da helduek etenaldiak egitea eta ezetzak esatea amaren eta umearen artean onuragarria den bereizketa emateko. Haurtxoak helduak eskaini dion euste-funtzioa integratzen joan behar du, ondoren bere burua erregulatzeko ahalmena izan dezan, eta aurrerago muga bat jartzen zaionetan muga hori onartzeko gai izan dadin. Haurtxoaren gorputzean araudi bat egon behar da lehenik, ondoren araudi honek haurra osa dezan.

Bestetik, haurrak bere ahalguztiduntasun-sentsazioari agur esatea komeni da pixkanaka, errealitatera egokitu dadin: honaino zure ostikadak, honaino zure ezpainen indarra. Gurasoak jan nahi ditu, baina ez horregatik, suntsitu. Gurasook ez dugu gure nortasuna desagertzen utzi behar, ezta seme-alabengandik suntsituak izaten baimendu behar. Badirudi gizakiok muga gainditzeko joera dugula eta mugak onartzeko gaitasuna eskuratu egin behar dugula. Beraz, gure seme-alabei txikitatik lagundu behar diegu araua eta muga onartzen, lehenik gure bitartez (atxikimendua figuraren bitartez batzuetan eta kontentzio paperean bestetan), eta gero, beraien kabuz arautuz (erregulatuz).

NOLA JARRI MUGAK:
Gure haurrari mugak jartzen dizkiogunean, azala bezalakoa izan: ez banandu berarengandik, ez baztertu, baina jar diezaiogun muga bat lasaitasunez eta segurtasunez. Ez dago beti justifikaziorik eman beharrik, hitzik gabeko mezuak izan daitezke, bere aurka ez gaudela erakusten duten hitzak, baizik eta egiten duenarekin desadostasunean. Haurrak badaki bereizten helduak plazer hutsagatik inposatzen dion muga edo alderantziz, modu justuan eta zaintzeko ezartzen diona.
Mugak presentzia osoarekin jarri behar ditugu. Pertsonalki hurbilduz, urrutitik ohiu egin gabe, eta ongi egin nahi izateagatik goxotu eta leundu gabe: ez dizuet jauzi egiten uzten, ezta hemen jaten. Horrelako muga batek maitasun-esperientzia bat adierazten du, eta ez baztertze- esperientzia bat.
Aditu batzuek diote hobe dela heldua pixka bat txarra izatea larregiko ona baino, beste aditu batzuk nahikoa heldu ona izatean kokatzen dira. Sarri, beldur gara ez ote diogun maitasunari uko egingo, edo are gehiago, gure seme-alaben maitasuna galduko. Ondorioz, ez ditugu mugak lasaitasunez jartzen, baina haurrei bai eta ez esan behar zaie; ez soilik bai, eta ez soilik ez.
Argiak izan behar dugu mugak jartzen ditugunean, eta ez esan nahi ez duguna. Dena izango da errazago gure eskakizun-maila desberdinak argi baditugu. Badaude eskakizun absolutuak (sutan dauden lapikuak ez ukitzea); beste batzuk nahiko sinpleak dira (jan aurretik eskuak garbitzea edo mahaira ez igotzea); eta beste batzuk zailagoak dira (lorontziko lurra ukitzea onartzea onartuko diot ala ez?). Garrantzitsuena mezua argia izatea eta mantentzea da, haurra parametro horietan koka dadin eta seguru senti dadin. Nahasia, zehaztugabea eta ezegonkorra den horrek haurra segurtasunik gabe uzten du.
Aldi berean, komeni da gure eskakizuna laburra izatea, gehiegi luzatu gabe. Hitza laguntzeko da, baina batzuetan traba egiten du. Hobe da gutxi edo ezer ez hitz egitea, umeek ez dute hainbeste hitz behar. Batzuetan, hitz egin beharrik ez izateko moduan begiratzea da, egoera batzuk isiltasunak eusten ditu hobekien; beste batzuetan, berriz, nahikoa izaten da ezetza isiltasun batekin ematea, nolabaiteko tentsioa transmitituz. Adibidez, gure muga onartzen ez dutelako kexatzen direnean, normalean gehiegi hitz egiten dugu. Ahul gaudenean gehiegi oihukatzen edo hitz egiten dugu. Isiltasunak euspen handia eta indar handia behar ditu.
Isiltasunak betetzen ditugu tirabira leundu nahian, haurrei dagokien errealitatearen intentsitatea bizitzea sahiestuz. Bizitzak samurtasuna eskatzen digunean, ondo dago hori ematea, baina eusteko eskatzen digunean, erantzun horrek exijitzen duen indarra atera behar dugu. Gure jarrerarik egokiena bizitzak gu hartzea eta gure bitartez eskatzen duen hori egitea litzateke, une bakoitzak eskatzen duen intentsitatea bizitzera ausartuz. Hitzak eta argudioak haurrak dioguna prozesatzeko duen gaitasunaren arabera emango dira, baina egoera jakin batzuetan ez da gehiago arrazoitzerik: ez bat ez bat da.
Gure seme-alaben aurrean sendoak eta sinesgarriak izatea komeni da, bestetik: muga baiezkoan formulatzen da, ez dugu galdetu beharrik, ezta aukerarik eman beharrik. Batzuetan, eskakizuna esan eta joan egingo gara, beraien erantzunari itxaron gabe. Helduaren konbentzimendua eta autoritatea erabili beharraren uste osoa, da haurrak atzematen duena. Tarte batekin, baina gure seme-alaben alde erabakitzen dugu: zu ez zara agintzen duzuna, ni baizik. Ez dugu horregatik mehatxatu beharrik, baizik eta ekin egiten dugu: begira seme, gaur bagoaz. Helduak ez du beti haurrak nahi duena ematen, eta seme-alabekin ez da beti negoziatzen.
Mugak jartzeak zaintzarekin du zerikusia hortaz. Mugek irmoak izan behar dute, baina ez zurrunegiak, ezta gorrotagarriak ere. Legeak ez du zapaltzailea izan behar, babestuko duen ezetza baizik. Ezezko asko esan behar diren aldia nahiko nekagarria da, baina gehiegi ez dramatizatzen saiatuko gara.
Muga bat jarri ondoren ez eman amore. Umeak ez dezala bukatu debekatu geniona eskuratuz. Iritziz aldatzen badugu, azaldu egin behar zaio, anbiguotasunik gabe. Zenbat eta irmoago egon, orduan eta gutxiago saiatuko da gure seme-alaba gu manipulatzen. Batzuetan, haurrek protesta egiten dute, ez guk adierazitakoagatik, baizik eta berarekin talka egiten dugulako. Beste batzuetan, mugak mingarriak izaten dira, eta, beraz, haurrak negarraren edo protestaren bidez bere mina adieraz dezan ahalbidetu behar dugu.
Baina horrek ez du esan nahi muga kentzeko manipulatzen utziko garenik: bai, egia da, beste gauza bat nahiago zenuke. Ulermena eta irmotasuna ez dira aurkariak, baina haurrak errealitate horrekin aurrera egin dezan, estrategiak garatu beharko ditu eta horretarako gure irmotasunak bere lekua izan behar du, ez soilik haurrarekiko gure ulermen gaitasunak.
Batzuetan ondo dago haserretzea hitza ez bada nahikoa izan, baina hobe da muga bat jartzea haur batek gure onetik atera baino lehen. Horrela muga gure haserre guztia haurrarengan irauli gabe jartzea lortuko dugu. Hasarre puntu horretara iristen ez bagara, haurra gugatik maitatua sentituko du, egin duenarekin ados ez gaudela ikusi arren.

Noizbehinka komeni da ez, baina bai esatea: platera ezin dezake jo, baina bai kuxina; janaria azukreaz ezin dezake nahasi, baina bai ura hostoekin; hormak ezin ditu margotu, baina bai hormara itsatsita dagoen paperean.... Giroa prestatzen saiatuko gara, ahal den neurrian umearengandik datozen ekimen horiek hainbat materialekin ase ahal izateko.
Berehalakoa atzeratzea muga bat jartzeko beste era bat da. Atzeratzeko gaitasuna, pixka bat itxaron ahal izatea, bereganatzen den ahalmen bat da: orain ez, baina gero bai.

Haur txikiarekin, jotzen gaituztenean besoetan hartuko dugu lasaitzen den arte. Duen amorru guztia atera arte eutsi behar diogu. Ez diogu lehenengo aldaketan joaten utziko. Agian ordu erdi iraun dezake kontentzio honek, baita gehiago ere. Zure aita eta ama zurekin gaude beti edota ni zurekin nago hemen, ez zaitut utziko. Hauexek izango dira luzatuko dizkiogun esaldi bakarrenetakoak. Haurra eustea, besarkatzea eta immobilizatzea maitasunez mugak jartzeko modu bat da, hortaz. Haur zaharrago batekin, aukera bat da hurbiltzea eta esatea zure oihuek gogaitzen naute, baina horretarako maitasunez begiratu behar zaio lehenik. Ez dut nahi zuk hau egiten jarraitzea, ez zaigula gustatzen esan beharrean. Bestalde, norbait gogaitzen ari denean gaizki pasatzen ari garela esatea zama gehiago botatzea da. Honek ez du askorako balio. Hobe da argi hitz egitea eta nazkatuta nago zu oihuka entzuteaz esatea. Mezu hori zuzena eta benetakoa da, anbiguotasunik gabekoa.

Tentsio eta isiltasun baten ondoren, seme-alabak dira gurasoengana jo behar dutenak, eta ez alderantziz. Gurasoek markatu behar dituzte distantziak, eta ez umeak. Gujrasoetariko bati mugak jartzea kostatzen bazaio, laguntza eskatuko dio bikotekideari, bien artean egin dezaten. Garrantzitsua da bikotea batera egotea, bakoitzak alde bakarretik gauzak egin gabe.
Debeku baten aurrean haurrari hazteko aukera eskaintzen diogu; ezetz horrek sinbolizaziora igarotzea ahalbidetzen dio, alegia. Mugek haurrak lan psikologikoa egitea eskatzen dute, izaki zibilizatu batean bihurtzeko.
Argibide hauen ondoren nire gomendioa bakoitzak norbere bihotzetik jardutea da, ez geratzea buruan, zalantzetan, seme-alabekin esku-hartu behar dugun uneetan. Atera dadila gugandik haurrari iritsiko zaion benetako zerbait. Garen horretatik abiatuta, eta ez izan beharko genukeen horretatik, gure jarrerak eta erantzunak egokitzen joango gara. Izan edo egin beharko nuke horretan egoteak are gatazka handiagoa sortzen du norberarengan, gauzak gugandik nahi genukeen bezala ateratzen ez direnean batik bat. Gure akatsak ondo begiratzea eta haietatik zerbait ulertzea izango da gure seme-alabekin gero eta egokiago jardutera irekiko gaituen giltza.

EZ DAGO ZAINKETARIK FRUSTRAZIORIK GABE:
Oro har, haur batek frustrazioa jasan dezan, oinarrizko premiak beteta izan behar ditu lehenik. Hala ere, heldutasun psikologiko garatuagoa duen heinean, mugak jarri behar dira, baita benetako premiak asetzen saiatzen denean ere. Arreta eskatzen duenean eta ezin dugunean eman edo mugitu nahi duenean, eta momentu horretan ezinezkoa denean esaterako, muga jarri behar diogu, jakin badakigulako haurraren organismoak badituela baliabideak muga horiekin aurrera egiteko.

Haurra adin goiztiar batetik erregulartasun batean hazi badugu, elikaduraren, bainuaren eta loaren erritmoetan adibidez, haurra autorritualizatzea eragiten du honek. Ondoren, aspalditik integratzen joan den baliabide, arau propio eta erregulazio gaitasun honek kanpotik iristen zaizkion mugei aurre egiteko balioko dio. Haurtxo gehienek uste baino gaitasun handiagoa dute berezko baliabideak eskuratzeko eta ingurunera egokitzeko, eta, beraz, irmoagoa den hazkuntzaren atal hau, hala nola mugak eta frustrazioa, atzeratzea handiagoak egiten direnerako atzeratzea kaltegarria izan liteke.

Gizakiok maitatuak izateko beharra dugu, baina baita ezbeharrak jasan eta gaindi ditzakegula sentitzeko beharra. Egoera zailetatik ikasteak eta gainditzeak hazten laguntzen gaitu eta beraz, maitatzeaz gain, haurrei eskaini behar diegun beste zaintza-osagai bat pittin bat gehiago eskatzea da. Maite duten eta aldi berean, frustrazioa bideratzen dakiten gurasoak haur zoriontsuak sortzen dituzten gurasoak dira. Haur batek gurasoen ezetza onartzen ez badu, bere garaian frustrazioan hazi ez zelako izan daiteke. Nahi dutena ez dutenean lortzen sufritu egiten dute, eta segurtasun handia dutela diruditen arren, psikologikoki hauskorrak dira.
Bestalde, gurasook ez ditugu frustrazioak leundu behar. Haurrak ez dira traumatizatuko desioak zapuzten zaizkielako; aitzitik, mugak haurra hazteko aukera izan daitezke, haurra osasuntsu heldu dadin, mugimendu psikiko interesgarria gertatu behar baita bere baitan. Asebetetzearen atzeratze horrek bere desioak bat-batean asetuta izatea baino plazer konplexuago bat eskaintzen dio haurrari. Frustrazioarekiko dugun tolerantziak eraikitzen du hein handi batean gizarte-bizikidetza osasuntsua epe luze batera begira. Frustrazioa beraz, ez da errepresio bat, horma bat gainditzeko haurrak martxan jarri behar dituen abilezia propioetarako aukera bat baizik.

Horrela bada, haurrek errealitatea onartzen ikasi egin behar dute, ahalguztidunak ez direla jabetu, sentsazio horretatik atera eta errealitatearekin bat egin: salto egiten dute, baina ez dute hegan egiten, lurra ukitzen dute azkenean. Bere desira guztiak gauzatzea lortzen ez dutela ohartzeak errealitateak bere mugak dituela ikusaraziko die, eta, ondorioz, errealitatera egokitzeak frustrazioa sor diezaioke. Hala ere, frustrazio horri esker sortu, sinbolizatu eta pentsatu ahal izango dute; azken batean, bizitzak ematen dizkien egoerak ondo bizi ahal izango dituzte, baina baita kentzen dizkiotenak ere. Agian, inoiz eskura dezakegun baliabiderik baliagarrienetako bat bizitzak ematen digun ezetza onartzea litzateke.

MUGARIK EZA:
Legerik ezak oihanean galduta uzten du haurra. Mugarik gabeko haurrari garrantzizkoa den horretatik at uzten diogu, ziurtasunik gabe eta zapuztuta geratzen da. Legerik ez badu, ez du inor, babesgabe bezala geratzen da.

Heldu batzuok ezin dugu gure haurra mugengatik sufritzen ikusi, eta haurrari zailak suerta dakizkiokeen egoerak manipulatzen saiatzen gara errealitatea haurrarengana molda dadin, edota haurrak negar egiteari uzteko milaka azalpen ematen ditugu. Baliteke bihar etzi heldua izatea seme-alaba horrengandik manipulatua.
Konfiantza izan eta maitatu behar dugu, nahiz eta haurra deabru bat bezala agertu, baina horregatik ez dugu mugak jartzea saihestu behar, kaltegarria izan liteke guztiontzat.

Helduok beraz, ez gaude gure seme-alabak guztian asetzeko; gauza batzuk beraiei dagozkie, eta ez helduoi. Beraiek, berez, asebetetzen ikasi behar dute. Gainontzean, bizitza osoan egongo dira beren beharrizanetan asetuko dituen ama edo aita baten bila.

Familiako zailtasun eta gatazka gehienak sarritan kideak ezetz esateko gai ez garelako sortzen dira, nahiz eta azaldu nahi izan, ez ditugulako gure muga pertsonalak definitzen eta ondorioz ez ditugulako behar bezain argi adierazten. Guraso batzuok, mugak jartzerako orduan, haurrari
galdetu egiten diogu (nahi duzu, bale?), baina erabaki horiek helduonak dira, eta haurrak pixkanaka onartu behar ditu, eta ez aukeratu; beste guraso batzuok, oparitu eta eman egiten dugu haurrak nahi edo eskatu baino lehen. Horrela, frustrazioarekiko tolerantzia gutxiko haurrak hazten ditugu.

Haurrei ezetz esaten ez badakigu, ez dute frustrazioa jasango eta, horren ordez, ahalguztiduntasun-sentimendu horretan abandonatuko ditugu. Askotan, gure segurtasun ezak eta erruduntasunak gure seme-alabei “gehiegizko maitasuna” ematera eramaten gaituzte, gure ondoeza konpentsatze aldera. Baliteke diadaren zatiketa onartzeko zailtasunak ditugun helduak izatea, eta ondorioz, banaketa ezinezkoa bilakatzea. Beharbada, gure semea ezezko baten aurrean hautsiko denarean ustea dugu, eta ez gara ausartzen ezetz esatera.
Material guztia aretoan hartzen duten haurrek, armairuak ireki nahi dituztenek edo gauez bost aldiz jaikitzen direnek, besteak beste, ez dute ezetzik esan dien aita-amarik izan. Ahalguztidunean geratu diren haurrak dira, inguruneak dena ahalbidetu dielako, eusterik gabe. Haur horiek ikasi behar dute beraien ekintzek besteengan ondorioak dituztela, eta mugez jabetu behar dute. Ez ditzagun nahastu gure prestutasuna eta maitasuna haurrei guztia baimentzearekin. Dena badaukate, zer desio izango dute etorkizunerako?
Inhibitu handiak, askotan, kontenitu gabeko haurrak izaten dira: munduak obeditu egin behar diela uste dute, tirano txiki bihurtzeraino. Haur horiengan hutsune eta larritasun sentimendu oso handia dago; eskakizun bidez betetzen den hutsunea, eta bere buruarekiko eta bizitzarekiko mesfidantzagatik sortzen den larritasuna. Hemen eta orain dena lor dezaketenaren ideian hazten dira, eta plazerra sentitzeagatik baino ez dira harremantzen, berehalako atsegintasuna eskuratzeagatik drogatuta, itxaron ezinik. Haur hauek ez daude nahikoa kontenituta, eta ez dute frustratzeko gaitasunik. Batzuetan eraso egiten dute eta bortitz jokatzen dute, ez dute autoritatea jasaten. Etxeko boterea hartzen dute, haur errege bilakatzeraino. Baina gurasoon aurrean hazten den haur bat asko ahultzen da.

GEHIEGIZKO MUGAK:
Batzuetan, autoritatearen gehiegizko zurruntasuna dela eta, helduok geure buruari zor diogun duintasuna eta errespetua galtzen ditugu, eta etengabe gaitzesten, mehatxatzen eta arauak modu estereotipatuan errepikatzen ditugu. Hala bada, ezetz esaten ikasi behar dugu.
Arauekiko eta mugekiko zurruntasuna eta dramatismoa nagusitzen direnetan, urratzea luxu bihurtzen da haurrarentzat. Hala ere, desobeditzeko tarte jakin bat beharrezkoa da, bere erreferenteengandik bere nortasuna bereizi eta identitate osasuntsu bat eraiki dezan. Ez dugu ahaztu behar haurraren hazkuntza eta heldutasuna prozesu bat direla, eta, beraz, mugen aurrean ere ondo dago haurrak, lehenik, nolabaiteko aurkakotasuna erakustea eta talka egitea ondoren, helduarengandik heltzen zaizkion arauak errespetatzera iritsi dadin. Gauzak benetan lortu nahi ditugunetan prozesu bat eman behar da.

Zurruntasun handiegiz jokatzen badugu, haurrak transgreditu izanaren errua gehiegi areagotuz, haurra blokeatzea lortuko dugu. Presio honek azkenean haurrak guretzako izatera zuzenduko ditu, agian self faltsu batekin, eta ez nortasun eratu eta autonomo batekin. Gehiegizko haserre, lege eta autoritarismoak zapaldu eta aldendu egiten du, eutsi eta bereiztu beharrean.

Guraso batzuoi gustatzen zaigu haurrak nola jokatu behar duen azaltzea arauen bidez. Kasu hauetan, haurrak gurasoekin harremandu beharrean arauekin erlazionatzen dira. Arauak mekanikoki eta zorrozki jarraitu beharrak gurasoak seme-alabengandik aldentzen ditu.
Maitasunezko zaintza eta harreman partekatutik urrun, gurasoak araua eta muga baino ez dira, eta seme-alaba esanekoa edo desobedientea baino ez.
Jakin badakigu, haur osasuntsu eta seguru bat ezin dela aldi berean helduen imitatzaile txiki bat izan. Gizartera egokitzeko errepresioa gehiegizkoa denean, defentsa handiak sortzen dira haurrarengan eta ondorioz bere hazte prozesua desorekatzen da konpentsazio bat bilatze aldera: maite nazazu, baina ez horren beste.

EGUNEROKO JARDUNAREKIN ZERIKUSIA DUTEN ADIBIDE BATZUK:
- Elkarrekin lo egitea: usted ut honetan ere erregulazio bat egotea lagungarria dela. Egia da haurrak bestearen azala sentitu nahi eta behar duela, baina gabezia jasangarri bat egon behar du. Tarte handia dago berarekin lo egin eta bat-batean haurra eskolan uztearen artean.
Nolabaiteko erregulazioa sartu behar dugu, haurrak ez dezan bizi banantzea abandonu gisa.
- Goxokiak edo litxarreriak: Badakit zure lagunak hainbeste gozokirekin ikusten dituzunean, zuri ere edukitzeko gogoa sartzen zaizula, bania aitak eta amak ez dizkizugu beti erosten. Badakizu zergatik? Maite zaitugulako eta zaintzen zaitugulako. Baina noizean behin bai, gustuko duzun zerbait eta miñik ematen ez dizun zerbait erosiko dizugu.
- Espero dutena atzeratzea mugak jartzeko beste modu bat da: emadazu baso bat ur dio umeak, eta helduak pixka bat itxaronarazten du. Ez eman bat-batean eskatzen duten guztia.
Indartsu zaude, orain lehen baino gehiago itxaron dezakezu.
- Bestetik, seme-alabek aurpegiratzen digutenean zein gaizki egin genuen zerbait, haien desadostasuna onartzera mugatuko gara, hainbeste barkamen eskatu beharrean: egia da egin nuen honek asko izorratu zintuen.
- Jasotzea: batzuetan lagundu egiten du aldez aurretik jakinarazteak gauzak biltzeko denbora hurbiltzen ari dela. Garrantzitsuena ez da haurrek jasotzea, biltzeko gogoa izatea baizik. Jasotzen ez badute, dena hankazgora aurkituko dute, eta baliteke ondoren jasotzeko gogoa sartzea. Beraien jostailuak halere jasotzen ez badituzte, helduok gure kutxa batean gorde ditzakegu; gorde duguna ahazten badute, ez da hain garrantzitsua, eta eskatzen badizkigute, zaintzeko eskatuko diegu, erabilitakoan jasoz.
- Kontzientziarik gabe zerbait hausten dutenean: ondo dago apurketa horrek eragin dien mina bizitzea, ez esatea ez da ezer gertatzen, errealitatetik aldenduz. Edota, adibidez, haurrek gaizki tratatzen dituztenean animaliak eta intsektuak, asmo txarrez egiten ez badute ere, muga bat jarri behar diegu eta horren arabera jokatu. Haur batzuentzat indarkeria mota hau huste bat da, ez da errugabea. Begira, besotik pixka bat luzatzen bazaitut, zer min ematen dizu honek?
Haurraren arabera, gauza bat edo beste egingo dugu. Asmo txarrik ez izateak ez du esan nahi horretan jarraitu behar duenik. Esperimentatu behar duela esatea eta ezer ez egitea oso mentala da: Ez dut nahi minik eman diezaziozun.
- Haur batek eraso egiten duenean: argi utzi minik ezin duela eman eta aldi berean lagundu, erakutsi nola egin dezakeen: ezin duzu kosk egin, baina bai musu eman, hitz egin, ukitu. Agian zerbait esan nahi diozu eta ezin duzu. Zer nahi duzu esatea? Lagunduko zaitut nik.
- Haurrek bereiztuz joan behar dute noiz ahal den eta noiz ez, baina beren burua arautzeko, lehenik eta behin, helduak erregulatu eta eutsi egin behar du.

1. go adibidea: Mesedez, ez jo txirula telefonoz hitz egiten ari naizen bitartean.
2. adibidea: Haur batek beste batekin nagoela deitzen banau: Orain ezin dizut arretarik eskaini, zure anaiarekin lanpetuta nagoelako. Amaitzen dudanean zurekin egongo naiz edo zure aitarekin hitz egiten amaitu nahi dut, gero zuk eta nik hitz egin ahal izango dugu, adinekoei ez zaiela eteten esan beharrean.
3. adibidea: Ikusten dut nire betaurrekoak gustatzen zaizkizula, baina ez dut nahi hori egin dezazun.
4. adibidea: Badakit haserre zaudela, baina hitz eginez esan dezakezu, ez horrela.

- Garrantzitsua da muga bat ez betetzearen ondorioz datorrena logikoa eta egoerarekin lotutakoa izatea, eta ez zigor edo kontsekuentzia zentzugabe bat. Adibidez, haurrak mahaian duen zukua nahita botatzen badu, zukurik gabe geratzea edo mahaia garbitzea izango da ondorioa, baina ez lagunekin jolastu gabe geratzea. Haurrek beren ekintzen ondorioak bizi behar dituzte, adibidez, goizean jolasten entretenitzen direnean eta ondorioz autobusa galtzen dutenean.

Gurasoen mugak bizitza bera dira, bizitzak ematen digunean bezala, baina baita kentzen digunean ere. Bizitzak kentzen diguna onartzea eta ondo begiratzea besterik ez zaigu geratzen, edota alderantziz, haserre bizitzea. Gurasoen bitartez, beraz, bizitza maitekor agertzen da batzuetan, eta seriotasunez beste batzuetan. Hezteak maitasuna, samurtasuna eta irmotasuna eskatzen ditu, eta ez gara kikilduko mugek sor ditzaketen gatazken aurrean. Toki horretatik hezteak segurtasuna ematen dio eta bizitzara irekitzen dio haurrari.

Maite ditzagun gure haurrak, baina ez horrenbeste.
Maite ditugulako ezezkorik esan ezinik, maite ditugulako gurea gainjarriz. Maitasuna eta firmetasuna autoritatea eta ulermena, biak ala biak beharrezkoak haurra sendo hazi dadin.

Ausartu maitatzera, ausartu posizionatzera.
Haurrak maleablea eta aldi berean, firmea den heldua behar du bere alboan.

IANIRE JAIO ISASI
Alboan Psikoguneko Psikomotrizista Terapeuta